Zientzia Proiektua

Sarrera

Txikitatik gure ingurunearekin harremanetan jartzen gara, galderak egiten eta erantzunak bilatzen. Galdetze eta erantzute-prozesu hauek jakintza eta zientziaren oinarrian daude. Gure eguneroko bizitzan zientziak duen garrantziaz konturatu ez arren, zientzian oinarritutako erabakiak hartzen ditugu egunero. Zientziaren jakintza erabiltzen dugu elikagai egokiak aukeratzean, osasuna zaintzeko erabakiak hartzean edo kutsadura gutxien sortzen duen energia-iturriak erabiltzean.

Zientziak, ikuspegi induktiboa bultzatu behar du. Honen arabera, norberak eraikitzen du munduari buruzko ulermena eta ezagupena, bere esperientzien eta hausnarketen bidez. Beraz, norbera da bere ezagupenaren sortzaile aktiboa.

Zientzia eta umeak

Jaiotzen direnetik, umeek ingurunea ezagutzeko eta manipulatzeko joera dute. Kuriositatea, imajinazioa eta sormena dituzte ezaugarri. Kuriositateak ingurunea aztertzera bultzatzen ditu, imajinazioak zuzenean sumatzen ez denaren irudia buruan sortzera eta sormenak gauza berriak egitera. Era berean, umeak ingurukoekin komunikatzen dira haien emozioak, beharrak, bizipenak, zalantzak eta aurkikuntzak adierazteko, gorputzaz eta keinuz hasieran, eta, ahozko hizkuntzaz ondoren.

Irakasleen lana umeen ezaugarri horiek estimulatzea da, oztoporik jarri gabe eta haien ziurtasuna bermatu. Horretarako, baliabideak eskura jarri beharko zaizkie ondokoetan trebatzeko: behaketa eta esplorazioan, umeek egindako galderei erantzunak bilatzean, aukera guztiak aztertzean, lortutakoa eguneroko bizitzan aplikatzean eta haien beharrak eta lorpenak adieraztean. Irakatsi nahi ditugun kontzeptuak ulertuak eta barneratuak izan daitezen, umeekin jarduerak modu metodikoan egitea oso garrantzitsua da.

Metodo zientifikoa

Zientzia, mundua begiratzeko eta hartaz pentsatzeko modu bat da. Metodo zientifikoaren bidez lortzen den ezagutza da, ebidentzia edo froga esperimentalak eskatzen dituena. Metodo zientifikoa, gehienetan, kuriositatea edo jakin-mina pizten duen zerbaiten aurrean norbaitek galdera bat proposatzen duenean, hasten da. Erantzun egokia eman aurretik, dagoeneko gai horretaz dagoen informazioa jaso beharko da. Ondoren, behaketak egin, galderak plazaratu, hipotesiak aztertu, aurreikuspenak proposatu, esperimentatu eta emaitzak interpretatu beharko dira. Emaitzak hipotesiarekin bat badatoz, ezagupen berria eraiki ahal izango da. Hala ez bada, hipotesi berria aztertu beharko da harekin bat datozen emaitzak lortu arte.

Bekobenta HLHI eta metodo zientifikoa

Ikuspegi zientifiko hau, badaramatzagu hiru ikasturte martxan jarri dugula. Horretarako, Garatuko Formazioa egin dugu, proiektu hau eskolan antolatzeko. Horrekin batera, laborategiko baliabideez, hornitu gara: fonendoskopioak, mikroskopioak, pisuak, probetak etab. Haur Hezkuntzan, momentuan lantzen ari diren proiektuan, ikerketa-jarduera bat txertatzen dute eta Lehen Hezkuntzan, Ingurune arloko gaiak ardatz hartuta, gela guztietan planteatzen dira ikerketa-jarduera desberdinak, ikasleek, behaketa eta manipulazioaren bidez, barneko ikasketa prozesuak eraikitzeko. Metodo honen bidez, motibazioa bermatuta dago, eta aprendizaia konplexuetan murgiltzeko aukerak eskaintzen dizkie, gero eta era autonomoagoan, erantzunak bilatzen saiatuz.

Ikertutako jarduera, kontzeptu bilakatzeko, ezinbestekoa da, ikasitakoa komunikatzea. Komunikazioa, era desberdinetan ematen da: atera diren ondorioak, gelako kideei kontatzea, esperimentu desberdinen azalpena beste taldeei, e.a. Arlo honetan, esperientzia polita izan dugu, Radio Euskadiko, Ciencia en las ondas irratsaioan parte hartuz.

Irratsaioa entzuteko egin ezazu klik hemen